Esperotako albistea zen atzokoa.
ICANN erakundeak eskatu diren domeinuen zerrenda kaleratu zuen eta tartean da .eus. Urtarrilaren 12an ireki zuten epea eta apirilaren 12an bukatzen zen, berez. Baina epea bukatu baina 10 ordu lehenago online sistema itxi zuten, arazo teknikoak tarteko. Ez zuten berriz ireki maiatzaren 22ra arte eta 8 egunez mantendu zuten horrela. Maiatzaren 24an bidali genuen .eus domeinuaren eskaria. Eta atzo argitaratu zen zerrendak
bi albiste on ekarri ditu berarekin.
Bata, domeinua eskatu eta eskaria ebaluatzeko bete behar genituen baldintzak bete ditugula. Alegia, hurrengo fasera pasatzen garela. Eskaria ebaluatua izango dela, nahiz eta jakin horrek ez duela bere onarpena ziurtatzen.
Bestea, ez dagoela karaktere katearen gatazkarik. Hau da, gu geu, PuntuEus Fundazioa dela, .eus karaktere katea eskatu duen bakarra. Eta, hortaz, ez dago karaktere katearen gaineko gatazkarik. Egongo balitz, bi entitateren arteko norbaitek eramango luke, eta enkanteak ere egon zitezkeen tartean.
Hortaz, pozik egoteko arrazoirik ez zaigu falta. Baina bada oraindik ezagutzen ez dugun informazio garrantzitsurik. Badira ezagutzen ez ditugun datak.
Uztailaren 11n jakingo ditugu. Egun horretan, .eus domeinua zein fasetan eta noiz ebaluatuko den jakingo baitugu.
Berez, ebaluazio faseak orain hasi beharko luke. Baina
espero zen eskari kopurua hirukoiztu egin da gutxienez eta, hortaz, ez dira eskari guztiak batera ebaluatuko. Faseak definituko dira eta fase bakoitzerako datak. Eta arestian aipatu bezala, uztailaren 11n jakingo dugu hori. Eta behin hori jakinda,
PuntuEus Elkarteko eta Fundazioko kideok prentsaurrekoa emango dugu.
Ordura arte!