2009-11-11 23:06:00Urriaren 25etik 30era,
ICANN erakundearen 36. bilera egin zen Seul-en, urtero egiten dituzten hiru bileretatik azkena. Bilera horietan, domeinuak eskatu ahal izateko prozedurak, ebaluaziorako politikak eta onarpenerako irizpideak azaltzen dituzte eta eztabaidarako eta erabakiak hartzeko guneak dira.
Ezkerrean, Rod Beckstrom ICANNeko CEO/lehendakari berria eta, eskuinean, Peter Dengate Thrush, ICANNeko Board of Directors-eko lehendakaria. Iturria icannphotos [ CC BY-NC-ND ]
Azken urtetan, ordea, domeinu berriak eskatu eta martxan jarri ahal izateko prozesua atzerapen handiak jasaten ari da. Atzerapen horien arrazoi nagusia, domeinu mota guztiak eskatu ahal izateko aukera ireki nahi izatea da. Alegia, ICANNen asmoa, prozesu global bat irekitzea da, non edozein motatako domeinuak eskatu ahal izango diren, izan .music, .shop, .berlin, .innovate, .txina txineraz, .eus eta abar luze bat. Eta hain globala izate horrek, noski, prozesu osoaren definizioa konplikatzen du.
Arazorik handiena, zalantzarik gabe, 'Trademark Protection' deitzen diotena da, marken babesa helburu duena. Markak dira, hain zuzen, domeinu berriak eskatzeko aukeraren aurrean, oztopoak jarri eta presioa egiten ari direnak. Eta presio hori tarteko, azken urte osoan 2010eko martxoan eskatu ahal izango genuela esaten zigutenean, egun, domeinu berriak eskatzeko aukera datarik gabe geratu da. Alegia, une hauetan, ezin da jakin .EUS noiz eskatu ahal izango dugun.
Hizkuntza eta kulturen TLD guztiek batera eraman dugun euskarri komunikatiboa. [ CC BY-SA ] Deskargatu diptikoa.
Testuinguru horretan, gure aldetik, Seul-eko bileran .EUS eta, oro har, hizkuntza eta kulturen domeinuen defentsa egin genuen, irabazi-asmorik gabeko proiektu sozialak direla azpimarratuz eta atzerapenek eragin dezaketen kaltea salatuz. ICANNek oso positibotzat jo zuen eta, ildo horretan, ICANNen barruan zenbait domeinu lehenago eskatu eta onartzeko aukera ere mahaigaineratu da.
Baina, esan bezala, tamalez, ezin dugu datarik ziurtatu. Ez dakigu noiz eskatu ahal izango dugun eta, beraz, pazientzia lagun izan beharko dugu. Bitartean, noski, .EUS domeinua eskatu eta onartua izateko egin beharreko lanekin jarraitzen dugu.