2009-01-29 11:00:00Euskarak bildu gaitu PuntuEus Elkartean. Euskarak eta bere erronka berriek elkartu gaituzte. Euskarak, bere txikitasunetik, erronka guztiei erantzun behar dielako elkartu gara gaur hemen. Eta guk erronka horietako bati heldu diogu: euskara eta euskal kultura Interneteko espazioan ikusgarri bilakatzeari, hain zuzen. Euskararen eta euskal kulturaren Interneteko presentziari, izanari, izena jarri nahi diogu.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak gure bizitzako esparru guztietara hedatu dira, zeharkako bilakatu dira. IKT euskararen erronka berrien ardatza dira. Arriskuz eta aukerez josita datozen erronkak. Euskara bezalako eremu urriko hizkuntzentzat ordea, arriskuak aukera bilakatzea ezinbestekoa da. Euskaldunok, beharrezkoa dugu teknologiak euskarara hurbiltzea, euskara teknologien bitartez munduratzea ahalbidetu behar dugun modu berean. Are txikiago izatera eraman gaitzakeenaz baliatzea da gure lana, ikusgarri bilakatu nahi bagara.
Zentzu horretan, euskara bezalako eremu urriko hizkuntzentzat, ateak irekiak ditu Internetek. Eta milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoarekin, euskararen presentzia erreala bezain bizia da Interneten. Euskaraz bizi gaitezke eta euskaraz bizi behar dugu sarean, euskara bizi dadin.
Euskarak beraz, Interneteko espazio birtualean bere espazioa, izan, badu. Baina izanari izena jarri nahi diogu. Existitzen den euskarazko Internet horri, Interneteko Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitateari, ikur bat sortu nahi diogu. Sinbolo bat. Izen bat. Interneteko sareen sarean, euskara eta euskal kultura identifikatzeko balioko duen izen bat. Euskararen presentzia bera areagotuko duena, komunitatea indartuko duena. Interneten berezko kultura-aniztasuna egiazkoagoa bilakatuko duena. Finean, munduan zehar barreiatua dagoen Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateari nazioarteko aitortza eskainiko dion ikur bat lortu nahi dugu: .eus domeinua. Hori da PuntuEus Elkartearen abiapuntua eta helburua.
Erronka horrek ordea, ibilbide luze bat eskatzen du. Ibilbide hori luzea izango da, baina ez da bidea asmatu behar. Duela hiru urte pasatxo sortu zen hizkuntza eta kulturak Interneten ikusgarri bilakatzeko lehen domeinua: .CAT, Hizkuntza eta Kultura Katalanaren Domeinua. Bidea, beraz, diseinatua dago. Eta diseinatua dagoelako, bide horretako lehen urratsak eman dira.
Euskararen eta euskal kulturaren Interneteko ikurra lortzeko ibilbidea, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateak egin behar du. Komunitateak egin beharreko bidea da. Modu
bateratuan egin behar duguna. .EUS Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen domeinua izango da. Aniztasuna da komunitate horren ezaugarri nagusia, eta euskara eta euskal kultura bere ardatza. Oraindik bide luzea geratzen zaigu. Ibilbide luzea da, beraz, hasi besterik egin ez duguna.
Eta hori da gaur hemen biltzen gaituen asmoa: PuntuEus Elkartearen aurkezpena. Ibilbide luze horretako lehen urratsa eman baitugu: Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea ordezkatuko duen PuntuEus Elkartea sortzea. PuntuEus Elkartea izango da .EUS domeinua lortzeko eskaria aurkeztuko duena eta, beraz, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea modu esanguratsuan ordezkatu behar du. Ordezkaritza horren abiapuntua da guretzat gaur hemen aurkezten dugun PuntuEus Elkartea. Hasiera bat da. Lehen elkartzea. Gaurtik aurrera eta .EUS domeinuaren eskaria aurkeztu arte, zabaldu eta zabaldu egin behar dugun elkartea da PuntuEus Elkartea.
2008ko apirilaren 2an eratu genuen, Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen baitako hamaika talde edota erakunde ezberdin elkartuta. Euskalgintza arlotik: Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa eta Euskal Idazleen Elkartea - Hegats. Hezkuntza arlotik: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Ikastolen Elkartea – Partaide IEP eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Eta azkenik, Internet eta komunikazioaren arloan: Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea, Internetikak, Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkartea eta Euskadiko Informatikako Ingeniarien Elkargo Ofiziala.
Esan bezala, hau hasiera bat besterik ez da. Duela ia urtebete eratu genuen PuntuEus Elkartea eta bere helburu bakarra .EUS domeinua lortzea da. Orain PuntuEus Elkartea zabaldu eta zabaldu ari gara. Denontzako lekua dago. Inor ez dago soberan. Ibilbidea luzea baina elkarrekin egitekoa baita. Beraz, gaurko aukera hau parte-hartzera gonbidatzeko baliatzen dugu.
Bukatzeko, bi aipamen. Batetik, PuntuEus Elkartearen aurkezpenak bigarren zati bat izango duela, gaur iluntzeko 20:00tan Durangoko Plateruenan egingo den jaialdian. Bestetik, eta
gaurtik aurrera, zuen eskura dituzue PuntuEus Elkartearen webgunea,
www.puntueus.org, eta kontakturako posta-elektronikoa:
info@puntueus.org.
Mila esker.