eu | es | fr | en

Lehen Mailako Domeinuak

TLDak [ Top Level Domain ] Lehen Mailako Domeinuak dira, Interneteko helbideetan azkeneko puntuaren ondoren datorren zatia, hain zuzen.

Bi multzo nagusitan bana daitezke: Estatu-kodeak [ ccTLD ] eta orokorrak [ gTLD ].

  • Estatu-kodeak [ ccTLD ]: NBEk Estatu kontsideratzen dituen herrialdeen Lehen Mailako Domeinuak dira. Adibidez: .it, .co, .uk, etab.

  • Orokorrak [ gTLD ]:

    • Historikoak: Internetekin jaio ziren domeinu izenak dira, .com, .net eta .org, esate baterako. Hasiera batean erabilera zehatz baterako sortuak izan ziren arren, egun erabilera orokorreko bilakatu dira.

    • Ez babestuak: historikoak izan gabe, komunitateenak ez diren domeinuak dira, adibidez: .biz [ negozioetarako, business-etik dator ], .name [ pertsonentzat ], edo .pro [ profesionalentzat ].

    • Babestuak: komunitateek babesten dituzten domeinuak dira. Komunitateak eskatzen du eta komunitatea da domeinuaren administrazioaren eta kudeaketaren arduraduna. Multzo horretan sortu dira .museum [ museoen komunitatearena ], .aero [ aeronautika munduari lotua ] eta .cat [ hizkuntza eta kultura katalanaren domeinua ], esaterako.



Azken multzo horretan, Lehen Mailako Domeinu babestuetan, kokatuko da .EUS domeinua. lcTLD [ Language and Culture TLD ] bat izango da. PuntuEus Elkarteak eskatuko du EEKKaren izenean, eta PuntuEus Fundazioak kudeatuko du, behin onartua denean.

2005ean onartu zuen ICANNek hizkuntza eta kulturen komunitateei lotutako lehen domeinua: .CAT, hizkuntza eta kultura katalanaren Lehen Mailako Domeinua. .CAT domeinuak aurrez domeinuen sailkapenean existitzen ez zen domeinu izaera bat sortzea ahalbidetu zuen eta, modu horretan, hizkuntza eta kultura komunitateen identifikaziorako tresna bilakatu ziren Lehen Mailako Domeinuak.

Hori horrela, .CAT domeinuarekin ireki zen bideari ekin eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .EUS domeinua errealitate bilakatu daiteke. Bide hori, .EUS domeinuaz gain, beste hizkuntza eta kultura komunitate batzuek ere hasi dute:


Egun existitzen diren domeinuen datu-basea: http://www.iana.org/domains/root/db/